Nola idatzi soinu-fikzioetarako gidoiak?

Istorioak idaztearen mundu honetan, hainbat hemisferio, eskualde eta herrialde daude, haien artean muga lauso samarrak baina antzemateko modukoak dituztenak. Alegia, badira eleberrigileen hainbat klan, antzerkigileen beste hainbeste eta gidoilarien tribu kontaezinak.

Gaur egun nazionalitate bikoitza (edo hirukoitza) izan arren, kontinente zaharrean jaio nintzen, hau da, literaturan. Nire lehen eleberria 25 urterekin idatzi nuen, eta, ordutik, fikziozko hogei lan baino gehiago argitaratu ditut, bai haur literaturan, bai helduentzat, gehienetan @MArtion anaiarekin sormen tandema osatuz.

Lagunarte arriskutsuek pixkanaka lurralde berriak esploratzera eraman gintuzten, eta horrela amaitu genuen ikus-entzunezko proiektuetarako gidoiak idazten lehenik, eta komikietarako eta eleberri grafikoetarako gero.

Horrekin nahikoa ez eta orain dela bost bat urte, soinu fikzioaren mundu liluragarri eta zabalean murgildu ginen, ULU Mediaren eskutik. EiTB Podkast kanal publiko sortu berriarentzat ARTXIPELAGOA euskarazko lehen soinu fikzioa idazteko aukera izan genuen . Eta orduan galdetu nion neure buruari lehen aldiz:

Nola idazten duzu entzuteko BAKARRIK den zerbait?

Gera zaitez “bakarrik” horrekin, zerbaitegatik baitoa letra larriz. Izan ere, agerikoa dirudien arren, horixe da soinu-fikzioen gakoa: ehuneko ehunean eta hasieratik bukaerara audio hutsa direla . Eta zer dakar horrek?

Ez duzu ikusten, imajinatu egin behar duzu.

Gogoan dut ARTXIPELAGOAren –hirutik- lehen denboraldia Donostiako zinema-areto batean estreinatu genuela. Kursaala bete zuen jendea besaulkietan eseri zen, pazientzia handiz argiak itzali genituen arte itxoin zuen, pantailara begiratu zuen… Eta ez zuen ezer ikusi.

Edo bai. Izan ere, Hiru Olatuek mundu ezaguna nola suntsitu zuten kontatzen zuen lehen kapituluko audioa besterik eskaini ez bagenuen ere, entzuleek ederki sortu zituzten kontatzen ari ginen suntsipenaren irudiak. Nola egiten da hori?

Josean Pérez Ledo gidoilari handiak, gure lehen ekoizpenean lagundu eta aholkuak eman zizkigunak, hemen partekatzen dudan aholku bat eman zigun:

Istorioan pentsatzen duzun aldiro, pentsatu zein soinu ateratzen duen.

Ekintza, gure kasuan bezala, uharte txikiz betetako mundu uholdetu batean kokatzen bada, beti atzetik entzun behar duguna itsasoa da: olatuak itsasertzean hausten, mugitzen garen itsasontziaren aurka jotzen, kaioak, haizea belak mugitzen…

Eszena gela itxi batean bada, pentsatu zerk sor dezakeen soinua: sua tximinian, irratia nonbait martxan edo janari eske urruma eginez hurbiltzen zaizun katua. Beti dago kontatu nahi duzun ekintza gertatzen den espazioa definitzen edo gogora ekartzen duen soinuren bat. Eliza bateko kanpaiak, taberna bateko kafe-makina edo tren nasa bateko megafonia-abisua izan daitezke.

Eta alternatiba bat baino gehiago izanez gero, aukeratu beti soinu “onena”  duena. Hau da: berdin bazaizu elkarrizketa bat gela itxi batean edo umez betetako parke batean izatea, aukeratu bigarrena. Aita batek bere umeari txirristatik eroriko dela abisatzen dion garraisi soil batek berehala espazio horretan kokatzen gaitu, eta, gainera, soinu-aukera asko eskaintzen ditu.

Euren soinuak definitzen ditu pertsonaiak

Bere ahotsaren tinbrea, azentua, erabiltzen dituen hitzak eta esateko duen modua, ezaugarri bereizgarriren bat (ibiltzeko erabiltzen duen makulua, eskuetan dituen girgiluak, etab.)… Horrek guztiak osatzen du pertsonaiaren irudia soinu-fikzio batean, nahiz eta pertsonaia horri buruz besteek diotenaren bidez ere deskribatu daitekeen – eta deskribatu behar den –.

Guzti honen gakoa edo artea hori modu naturalean egitea da. Ez jarri pertsonaia bat esanez: “Begira, hor dator Xabier bere gaztain koloreko ilearekin, sudur luzea eta metro eta hirurogeita hamarreko altuerarekin”. Elkarrizketak naturalak izan daitezen saia zaitez, edo baliabide praktikoren bat erabili, hala nola galdeketa bat, lagun bati bidalitako audio-mezu bat, bikotekidearekin partekatzen dituen gogoetak… Hor gidoilari bakoitzaren literatur abilezia sartzen da.

Baina, adi, kontuan izan azken aholku hau:

Gidoia ez da irakurria izango, entzuna baizik.

Zer esan nahi du horrek? Sinpletasuna. Esaldiek sinpleak izan behar dute, ulerterrazak, zenbat eta laburragoak izan orduan eta hobeto. Bai pertsonaien arteko elkarrizketak, bai off-eko ahotsak, baldin badaude. Kontuan izan zure istorioa entzuten duena agian metroan doala, txakurra paseatzen ari dela edo sukaldean tortilla bat prestatzen ari dela. Keep it simple. Eraginkorra ederra da, edo erromatarrek duela bi mila urte baino gehiago esaten zuten bezala: ona, laburra bada, bi aldiz ona.

Izan ere, azken batean ez dugu ezer asmatu, eta kontalariok eleberri, komiki edo tragedia greziar itxura eman nahi izan badiegu ere, jatorriz eta benetan istorioak ahoz kontatuak izateko sortu ziren.

Artikulu gehiago

Nola entzuten da zure marka?

Soinu identitatea Duela gutxi supermerkatu kate ezagun bateko marketin arduradun batekin bildu ginen beren irudiaren berritze prozesua amaitu berritan. Identitate…

Artxipelagoa: audio fikziotik komikira

“Artxipelagoa”, soinu fikzioa, 2023ko Ondas Globaletan epaimahaiaren aipamen berezia jaso eta 2024an hizkuntza koofizialetan podcast onenaren izendatua izan dena, komiki…